Salbatu zure gaztelua

zabalate (phot.ok)Zabalateko gazteluaren inguruan Zanbranako herritarrek eta udalak berak egin duten lana ez da oharkabean pasatuko. Ez behintzat Uruguai eta Euskal Herriaren arteko telebista koprodukzio batek Donostia 2016ko Prime Time deialdia irabazten badu. ‘Salbatu zure herria’ izena du docu-realityak eta lehen saio pilotua Zabalaten grabatu zuten, irailaren amaieran.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua Fundazioak abian jarri du Prime Time proiektua. Horren helburua da Europako balioei eta kulturari buruzko telebista-formatu orijinal onena hautatzea eta ekoiztea, ikusle gehien biltzen dituzten orduetan emateko. Gainera, nazioartean ere emateko modukoa izan dadin nahi da. Hilaren 10ean amaitu zen deialdiaren epea eta Zanbranako biztanleak eta telebista saioko arduradunak erabakiaren zain daude.

Ebazpena edoezein izanda ere egitasmoak aurrera egingo du eta ‘Salbatu zure herria’ programaren lehen kapitulu osoa Zabalateko gazteluan grabatuko dute aurki. “Ondarearekin konprometituta eta harro dagoen herri bat behar genuen lehen kapitulua egiteko eta kasualitatez jakin izan genuen Zanbranan egiten ari diren lana. Ondarea nola kudeatu duten ikusi genuenean liluratu ginen”. Libe Fernandez Torrontegi arkitekto, blogari, ekintzaile eta ondarearen hedapenean adituak azaldu ditu egitasmoaren nondik norakoak.

Montevideotik Zanbranara

Fernandezek kudeatzen duen reharq.com blogarekin batera egitasmoan parte hartu dute Uruguaiko OZ Media produktorak eta RSTE enpresa sozialak. Gainera, Unesco Etxearen eta EHUko Eraikitako Ondarearen Ikerketa Taldearen babesa dute. Finantzaketaren aldetik dirulaguntzak eskatzeko aukera aztertzen ari dira une honetan.

Libe Fernandezek azaldu duenez Negobide enpresen elkartearen bitartez Montevideora egin zuen bidai batean sortu zen telebista saioa egiteko aukera. “OZ Media produktorarekin bilera bat izan nuen eta proposatu zidaten nire blogaren edukien inguruan telebista saio bat egitea. Ondarearen hedapenerako telebista formato apurtzailea egin nahi dugu, eduki erakargarriak eskainiko dituena eta ondarea babesten eta kudeatzen duten tokiko eragileekin harremanetan egingo dena”.

Zabalaten aurkitu zuten programa pilotua egiteko toki eredugarria. “Montevideoko bilera hartan Unesco Etxea-ko kide Txabi Anuzitak bizi handiz hitzegin zigun Zanbranari buruz eta Zabalateko gazteluaren egitasmoaren inguruan. Berehala jarri ginen harremanetan Aitor Abecia herriko alkatearekin eta egitasmoa martxan jarri genuen” azaldu du Fernandezek. Iragan irailaren 29an grabatu zuten programa, alkatearen eta herriko biztanleen ezinbesteko laguntzarekin.

Doku-reality bezala definitu duten telebista saioaren asmoa ahaztutako herriak berreskuratzea eta ezagutaraztea da. ‘Salbatu zure herria’ programan ondare arkitektonikoan, gastronomian eta kulturgintzan adituak diren hiru lagun herriz herri joango dira eta bertako biztanleak elkarrizketatuko dituzte. Programak web aplikazioa izango du baita crowfunding plataforma bat ere.

Proiektu ezezaguna

Zanbranako ondare arkitektonikoaren kudeaketak eragin duen kohesio soziala eta herritarren inplikazioa azpimarratu dute Uruguaitik, eta bertan egin den zaharberritze arkeologikoa eta arkitektonikoa eredugarriak direlako aukeratu dute telebista saio baten ikur gisa. Aitzitik Añanan, Araban eta Euskal Herrian Zabalatek ez du merezi duen onarpena jaso. Inor ez ei da profeta bere herrian, Zanbrana ere ez.

Izan ere inork gutxi jakingo du Zabalate dela Arabako armarrian dagoen gaztelua eta Euskal Herrian dagoen multzo historiko ikusgarrienetako bat. Gaztelua 780 metroko garaierako haitz malkartsu, estu eta luzaran baten gainean kokatuta dago, eta itsasontzi forma berezia ematen dio horrek. XI. mendean eraiki zen eta zeregin militar aktiboa bete zuen Gaztela eta Nafarroako erresumen arteko borroka etengabeetan.

Paraje miresgarria zaintzen du Zabalatek. Harkaizti malkartsu baten gainean Uda ibaiaren sarrera zaintzen du. Ocioko gazteluarekin batera -Toloño mendilerroaren iparraldean biak- mendebaldetik ekialdera hedatzen diren bi haran kontrolatzen zituzten, Inglares harana eta Trebiñu barnean hartzen duen Uda ibaiarena. Azken hau Arabako Lautadarako eta Nafarroarako bidea zen.

2013. urtean betiko desagertzeko zorian zegoen Zabalateko monumentu multzoa baina herriko alkate Aitor Abeciaren eta herritarren ekimenari esker zaharberritze lan sakona egin da eta turismo kultural aktiboaren eredua bilakatu da monumentua. Hala, besteak beste gaur egun zurezko pasabide bati esker gotorlekuaren zati bat ikus daiteke eta audiogida interaktibo batek lagunduta multzo osoa zeharkatu eta ezagutu. Zenbait guneetan banatuta dago ibilibidea: Errebala, Portillo de Ibda edo Villavieja hiribildu gotortu zaharra, Santa Maria elizaren hondarrak, gaztelua bera, karobia eta harrobia.

Halaber familiei eta eskolei zuzendutako jinkana kultural interaktiboa prestatu dute Zabalateko ibilbidean Arabako Erdi Aroko historia ezagutarazteko. Umeek Bernardino Fernandez de Velasco jaunari gaztelua etsaiengandik babesten lagundu behar diote jokuan. Smartphone edo tablet-a erabiliz arrastoei jarraitu behar dizkiete eta toki garrantzitsuenetan aurkituko dituzten erronkak gainditu.

Informazio gehiago: www.castillodeportilla.com

Advertisements

Uxamabarca autrigoien hiri galduan

Duela 3.200 urte inguru autrigoiak gorde zituen bezala zaintzen ditu egun naturak Lastrako Kastroaren (Uxamabarca) aztarnak. Artadi zaharrak, bide malkartsuak, eta inguruaren isolamenduak lagundu dute 1858. urtean deskubritu zen Burdin Aroko herriaren arrastoak babesten. Izan ere urteak pasa dira Arabako instituzioek aztarnategia abandonatu zutenetik.

Diputazioak bere garaian jarritako heziak eta argibide taula gehienak desagertu dira eta Karankatik bertara igotzeko bidea markatzen zituzten margo urdinak ezabatu dira. Orain Burdin Aroko herriaren eraikinen artean behien eta ardien hondarrak ikus daitezke baita ehiztarien kartutxoak ere, eta eraikin batzuk erori egin dira. Bertara hubiltzen diren bisitariak hobe dute aldez aurretik informazioa biltzea, bertan oso informazio urria topatuko baitute.

Muino aldapatsu eder batean kokatuta dago Uxamabarca. Gailurretik ikaragarrizko panoramika ageri zaigu, Urduñako Antigua eta Salbadako mendilerrotik Arkamuko mendilerrora eta ezkerraldean Risca eta Raso mendiak eta Estulizeko gaztelu zaharra. Continue reading “Uxamabarca autrigoien hiri galduan”