Biluztu dute Sobron

IMGP5798Ehunka lagun hurbiltzen ari da azken egunetan Sobrongo urtegira ezohiko irudi ederrarekin gozatzeko. Izan ere urriaren 9ra arte Sobrongo presaren mantentze lanak eta garbiketa egiten ari da Iberdrola eta urtegiaren ur maila jaitsi behar izan du. Urak atzera egin duenean agerian geratu dira urak estali zituen Burgos eta Arabako azpiegitura bitxiak eta milaka tona zebra-muskuilu, besteak beste.

Sobrongo urtegiak gordetzen dituen sekretuek jende andana erakarri dute Araba eta Burgos arteko muga egiten duen Sobron hazpitartera. Ingurua berez polita bada are gehiago egun hauetan. Ebro ibaiaren ibilgu naturala eta alde bietan sortzen diren hareazko hondartzak ikusi ahal dira eta halaber aukera dago Burgosko Tobalina eta Arabako Gaubea bailarak lotzen zituen lehengo errepidetik igarotzeko eta garaiko tunela zeharkatzeko.

Bitxikeri gehiago agerian geratu dira. Hala XX. mendearen hasieran, 1905 urtean hain zuzen Iberduerok Larrazubiko zentral hidroelektrikoa hornitzeko Ebrorekiko paralelo eraiki zuen kanalaren hondakinak ikus daitezke. Espainiako estatuan eraiki zuten lehenengoa zentrala da.

Halaber Tobalinilla (Burgos) herrian zegoen udal aduanaren eraikina, fielatoa, ikus daiteke eta Araba eta Burgos arteko mugarriak. Deigarriak dira ere urtegiak estaltzen dituen hondakinetara eta harrietara itsatsita agertu diren milaka eta milaka tona zebra muskuilu. Jarraitu “Biluztu dute Sobron” irakurtzen

Oroimena, sasien lekuan

IMGP5754

IMGP5732 (1) IMGP5703Bost urte igaro dira Primitivo Fernandez de Labastida, Florentino Garcia Valencia eta Monica Barron del Val nekazarien gorpuzkinak La Tejera mendateko hobi komunetik atera zituztenetik eta bosgarrenez bildu dira senideak, lagunak eta Ahaztuak elkarteko kideak fusilatutako lagunak omentzeko. “Pertsona hauen zordunak gara eta gure konpromisoa urtero hemen egotea da, hemen egongo ez bagina sasitza egongo litzakete toki honetan eta batek baino gehiagok gertatutakoa auzian jarriko luke” esan du Marcelo Alvarez Ahaztuak taldeko kideak.

Hilaren 13an bildu ziren La Tejeran berrogeitahamar lagun inguru Burgoseko hiru nekazariak ekitaldi xume batean gogoratzeko. Aurreskua eta lore eskaintza egin zituzten mendatean jarritako oroitarriaren ondoan. Primitivo Fernandez de Labastidaren bilobak Gesaltzako eta Erriberagoitiako lagunek hobia aurkitzeko eman zieten laguntza gogoratu eta eskertu zuen. “Duela bost urte hemendik genbiltzan zuekin, pikatxoa hartu genuen eta aitona bilatzen hasi ginen gure kabuz eta jakin gabe oso ondo zer egiten genuen ezta legez kontra ari ginen. Zuei esker gaur nire ama eta izeba, Primitivoren alabak, hona itzuli dira” esan zuen. Jarraitu “Oroimena, sasien lekuan” irakurtzen

Frutagile txikiak laguntzeko ekimen berria Añana Kuadrillan

IMG_2270

Gaubeako Enpresarien eta Ekintzaileen Elkarteak frutari zukua ateratzeko ekipoa erosi berri du eta eskualdeko frutagileei eskaini die. Nekazaritza produkzioa dibertsifikatzea eta produktore txikiek dituzten fruta esplotazioak manten ditzaten alternatiba bat eskaintzea dute helburu. Ekipoa mugigarria da eta Añanan, Basaben eta Corron txandakatzen ari dira. Eskualdeko frutagile guztiek dute aukera erabiltzeko.

Alfredo Orive Añanako Ekintzaileen Elkarteko kideak azaldu duenez, hasiera batean etxeko fruta kontsumorako pentsatuta dago, zukua edo sagardoa egiteko, baina ekipoak fruta zukua pasteurizatzen du eta aukera dago produktua merkaturatzeko ere. Fruta txikitzeko makina homologatuta dago eta osasun erregistroaren baldintzak betetzen ditu. Dena den Euskal Autonomia Erkidegoaren legediaren arabera beste neurri batzuk bete beharko ditu produktua merkaturatu nahi duenak.

Orivek esplikatu duenez Arabako Diputazioak froga modura sagardoa eta fruta zukua egiteko azpiegitura mugigarria erosi zuen iaz eta herrialdeko frutagileei eskaini zien. Frutagintza profesionala eta ekologikoa bultzeko asmoa zuen ekimenak. “Frutagintzaren garapenerako beharrezkoa da transformazioa, baina instalakuntzak oso garestiak dira, batez ere jarduera hasten denean, eta gainera gure eskualdean fruta esplotazioak oso txikiak dira”. Jarraitu “Frutagile txikiak laguntzeko ekimen berria Añana Kuadrillan” irakurtzen

Luizi handi batek itxi du Paul herriko ‘Roberto’ igeltsu meatzea

Paul herriaren ondoan dagoen aintzineko Roberto igeltsu meatzea itxita dago lur jausi handi baten ondorioz. Mendiaren eskubiko hegalean gertatutako luizi batek bidea moztu du eta une honetan leizeak dituen bi zuloetatik bat ez da ikusten eta bigarrenaren sarbidea eroritako harri handiek, lurrak eta zuhaitzek oztopatzen dute.

Geologoen artean aski ezaguna da Roberto eta meatzaritza eskolek antolatzen dituzten bisitaldi gidatuen parte izaten ohi da. Gainera Euskal Autonomia Erkidegoko geologia toki interesgarrien inbentarioan izendatuta dago Pauleko meatze abandonatua; are gehiago Eusko Jaurlaritzak 2011. urtean Geo-Basque Sarea egitasmoan Robertoren inguruan ekimen didaktikoak antolatzeko eta meatzearen galeriak egonkortzeko beharra planteatu zuen. Jarraitu “Luizi handi batek itxi du Paul herriko ‘Roberto’ igeltsu meatzea” irakurtzen