Gai toxiko arriskutsuen maila gainditu du Zadorrak

Gai toxiko arriskutsuen maila beste behin gainditu du Zadorra ibaiak. Legediak zehazten dituen parametroak aise gainditu dira Lantaron eta Iruña Oka udalerrietan 2014. urtean. Ebroko Ur Konfederazioak urtero egiten duen txostena aurkeztu du.

Jarraitu Gai toxiko arriskutsuen maila gainditu du Zadorrak irakurtzen

Advertisements

Arkamu izendatu dute Kontserbazio Bereziko Eremua

ARKAMO_AArkamu mendilerroa Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu du Eusko Jaurlaritzak, eta Natura 2000 Europako sarean sartu dute. Gibillo-Arrastaria ingurunearekin eta Salvada-Gorobel mendilerroarekin batera, Araban bikain zaindutako gune naturalen artean dago Arkamu.

Jarraitu Arkamu izendatu dute Kontserbazio Bereziko Eremua irakurtzen

Uholdeak saihesteko zubia garbitu dute Tresponden

IMGP6405

Neguko euriak hasi baino lehen Trespondeko zubiaren gaitasun hidraulikoa hobetzeko lanak bukatu nahi dituzte. Urriaz geroztik hondeatzeko makinak sastrakak eta oztopoak kentzen egon dira; eta zubiaren zutabeetan harrapatuta zeuden hainbat enbor ere kendu dituzte. Zadorra ibaian gora metatutako abarrak eta baso hondarrak ere ezabatzen ari dira. Zubiaren forma dela eta askotan geratzen baitira trabatuta.

Jarraitu Uholdeak saihesteko zubia garbitu dute Tresponden irakurtzen

Añana, euskararen basamortua

euskaldunen bilakaera añanan50 urte ondoren Gaubeako liburutegiak lehenbiziko aldiz hitzaldi bat euskaraz eskaini zuen iragan urrian. Miraria. Salbuespenik gabe aplikatzen den araua baita Añanako Kuadrillan euskarari eta euskaldunei ezikusiarena egitea. Administrazio publikoetatik hasita eta tokiko elkarte edo enpresa pribatuetara zabaltzen da jarrera.

Arabako Foru Aldundiaren Euskara Zerbitzuak argitaratzen duen euskaren agendari begiratuta ohar gaitezke urtarriletik abendura arte Kuadrilla osatzen duten hamar udalerrietan soilik bost ekitaldi egin direla euskaraz: Martxoak 7an Arabako Bertsolari Txapelketaren 6. Finalaurrekoa Langraiz Okan, uztailak 26an Betagarri eta Xaikoren kontzertua Lantarongo jaietan, urriak 30ean Gaubeako Liburutegian lehen aipatu hitzaldia, eta azaroak 21ean Antezanan egin zen bertso-afaria. Euskararen agendaren eskaintza urria begi bistakoa da, eta gainera egunerokoan antolatzen diren kirol, aisialdi eta kultur jardueretan euskara ez da existitzen ezta euskaldunon eskubideak ere. Bederen Olentzero jaia antolatzen da ia herri gehienetan, baina orotan euskararen erabilerarako aukera gutxi dago Kuadrillan.

Bestetik bertako administrazio publikoek euskararekiko eta tokiko euskaldunen eskubideekiko erakusten duten errespetu falta oso nabarmena da. Ohikoa da udalek kartelak eta esku-orriak erdara hutsean argitaratzea. Udalen web orri gehienak erdara hutsean daude eta sare sozialen bitartez zabaltzen duten informazio gehiena erdaraz zabaltzen dute, euskara eta euskaldunak alboratuz. Herritarrekin komunikatzeko hizkuntza ia bakarra erdara da eta euskara agertzen denean.

Administrazio publikoen aldetik mespretxuzko jarrera baldin badago, tokiko elkarte eta enpresa pribatuek zabaldutako ereduari eusten diote. Tabernetan, dendetan… euskara ez da existitzen, modu sinbolikoan ere ez.

Bada euskara eta euskaldunak kontuan ez hartzeko joerak Añanako Kuadrillaren errealitate soziolinguistikoari bizkarra ematen dio. Izan ere Eusko Jaurlaritzaren V. Inkesta Soziolinguistikoko datuei erreparatuz gero (2011.arenekoak) Añana Kuadrillaren populazioren erdia euskalduna edo ia euskalduna da. 8.825 biztanletik 4.111 hain zuzen ere.

Gainera azken urteetako eboluzioa oso kontuan hartzekoa da. Eustaten eta Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera 1981. urtean 39 euskaldun zegoen Añana Kuadrillan, 1986. urtean 45 eta 1991. urtean 89. Hots, hogei urteko epean euskaldunen kopurua %97,7 igo da Añanako hamar udalerrietan.

Haatik euskararen erabilera bultzatzeko dinamikak eta tokiko administrazio publikoen euskara politikak iraganean ainguratuta daude, duela 50 urteko errealitate soziolinguistikoan izoztuta.

 

Munduko lehen izarren parkea izendatu dute Badaiako Santa Katalina lorategi botanikoa

IMGP6371Badaia mendilerroan, XIII. mendeko monasterio baten hondakinen artean, Gasteiztik hamar bat kilometrora, munduko lehen izarren parkea dago. Lau hektareako Santa Katalina lorategi botanikoan milatik gora landare, zuhaitz eta loreak inguratuta behaketa astronomikoa egiteko baldintza paregabeak daudela ziurtatu berri du Startlight Fundazioak.

Irabazi gabeko fundazioa Kanarietako Astrofisika Institutuak sortu zuen “astronomia hedatu, gaueko zerua zaindu eta izarrak behatzeko eskubidearen alde lan egiteko”. Unescoren, Turismoaren Munduko Erakundearen eta Nazioarteko Astronomia Batasunaren babesa du. Fundazioak ziurtagirien sistema bat sortu du zeruaren kalitate bikaina duten eta izarren behaketa ondare gisa txertatzen dituzten tokiak nabarmentzeko. Sailkapenaren arabera ‘izarren parkeak’ gaueko zerua bereziki zaintzen duten udalerrietan aukeratzen dira eta jarduera astronomikoak antolatzeko aukera bikaina ematen duten tokiak dira. Santa Katalina lorategi botanikoa sailkapen horretan sartu den munduko lehen gunea da.  Jarraitu Munduko lehen izarren parkea izendatu dute Badaiako Santa Katalina lorategi botanikoa irakurtzen

La Sebe presa salbatzeko dirua jarriko du Arabako Aldundiak

La Sebe presaArabako Foru Aldundiak premiazko neurriak hartuko ditu Uribarri Gaubeako La Sebe presa salbatzeko. Diputatuen Kontseiluak onartu berri du 68.615,15 euro zuzenduko dituela presaren lehengoratzeari lehenbailehen ekiteko. Gaubeako presaren desagerpena saihestu nahi dute, izan ere gerta daitekeen zerbait da Omecillo ibaiaren urak azken urteotan eragin duen higaduraren ondorioz. Uribarri Gaubeako kontzejuak uda aurretik salatu zuen EAEko egurrezko presa bakarra betirako desagertzeko zorian zegoela. Zaharberritzea berehala hasi nahi da eta urtea amaitu baino lehen amaituta izango dute.

La Sebe errotaren industriaurreko gunea 1781. urtekoa da eta 2005ean erregistratu zen lehen aldiz Añanako Kuadrillako ondare arkitektonikoaren inbentario batean. Guneak halako errotekin batera izaten den sistema hidrauliko guztia zuen: presa, palak, ubidea, bitarteko uhateak ureztaketarako bigarren mailako ubideak hornitzeko… Errotaren presa bereziki deigarria da tipologiagatik eta eraikitzean erabilitako materialengatik, eta 2011. urtean Eusko Jaurlaritzak haren balioa aitortu eta Kultura Intereseko Ondasunen zerrendan monumentu izendatu zuen.

2005. urtean Arabako Foru Aldundiaren Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuak urgentziazko eraberritze bat egin zuen presaren hondatzea geldiarazteko. Egurrezko ohol batzuk jarri ziren egituraren barnealdera ura ez sartzeko, eta barnealdea betetzen zuten materialak arrastatzea geldiarazteko. Halaber tamaina ertaineko harriak jarri ziren, desagertutako betegarriak osatu ziren eta zeuden jario txikiak buxatu zituzten. Haatik joan den otsailean Gaubean gertatu ziren euriteen ondorioz ur korronteak zulo handia egin zuen presaren egituran eta oso egoera larrian utzi zuen.

 

Salbatu zure gaztelua

zabalate (phot.ok)Zabalateko gazteluaren inguruan Zanbranako herritarrek eta udalak berak egin duten lana ez da oharkabean pasatuko. Ez behintzat Uruguai eta Euskal Herriaren arteko telebista koprodukzio batek Donostia 2016ko Prime Time deialdia irabazten badu. ‘Salbatu zure herria’ izena du docu-realityak eta lehen saio pilotua Zabalaten grabatu zuten, irailaren amaieran.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua Fundazioak abian jarri du Prime Time proiektua. Horren helburua da Europako balioei eta kulturari buruzko telebista-formatu orijinal onena hautatzea eta ekoiztea, ikusle gehien biltzen dituzten orduetan emateko. Gainera, nazioartean ere emateko modukoa izan dadin nahi da. Hilaren 10ean amaitu zen deialdiaren epea eta Zanbranako biztanleak eta telebista saioko arduradunak erabakiaren zain daude.

Ebazpena edoezein izanda ere egitasmoak aurrera egingo du eta ‘Salbatu zure herria’ programaren lehen kapitulu osoa Zabalateko gazteluan grabatuko dute aurki. “Ondarearekin konprometituta eta harro dagoen herri bat behar genuen lehen kapitulua egiteko eta kasualitatez jakin izan genuen Zanbranan egiten ari diren lana. Ondarea nola kudeatu duten ikusi genuenean liluratu ginen”. Libe Fernandez Torrontegi arkitekto, blogari, ekintzaile eta ondarearen hedapenean adituak azaldu ditu egitasmoaren nondik norakoak.

Montevideotik Zanbranara

Fernandezek kudeatzen duen reharq.com blogarekin batera egitasmoan parte hartu dute Uruguaiko OZ Media produktorak eta RSTE enpresa sozialak. Gainera, Unesco Etxearen eta EHUko Eraikitako Ondarearen Ikerketa Taldearen babesa dute. Finantzaketaren aldetik dirulaguntzak eskatzeko aukera aztertzen ari dira une honetan.

Libe Fernandezek azaldu duenez Negobide enpresen elkartearen bitartez Montevideora egin zuen bidai batean sortu zen telebista saioa egiteko aukera. “OZ Media produktorarekin bilera bat izan nuen eta proposatu zidaten nire blogaren edukien inguruan telebista saio bat egitea. Ondarearen hedapenerako telebista formato apurtzailea egin nahi dugu, eduki erakargarriak eskainiko dituena eta ondarea babesten eta kudeatzen duten tokiko eragileekin harremanetan egingo dena”.

Zabalaten aurkitu zuten programa pilotua egiteko toki eredugarria. “Montevideoko bilera hartan Unesco Etxea-ko kide Txabi Anuzitak bizi handiz hitzegin zigun Zanbranari buruz eta Zabalateko gazteluaren egitasmoaren inguruan. Berehala jarri ginen harremanetan Aitor Abecia herriko alkatearekin eta egitasmoa martxan jarri genuen” azaldu du Fernandezek. Iragan irailaren 29an grabatu zuten programa, alkatearen eta herriko biztanleen ezinbesteko laguntzarekin.

Doku-reality bezala definitu duten telebista saioaren asmoa ahaztutako herriak berreskuratzea eta ezagutaraztea da. ‘Salbatu zure herria’ programan ondare arkitektonikoan, gastronomian eta kulturgintzan adituak diren hiru lagun herriz herri joango dira eta bertako biztanleak elkarrizketatuko dituzte. Programak web aplikazioa izango du baita crowfunding plataforma bat ere.

Proiektu ezezaguna

Zanbranako ondare arkitektonikoaren kudeaketak eragin duen kohesio soziala eta herritarren inplikazioa azpimarratu dute Uruguaitik, eta bertan egin den zaharberritze arkeologikoa eta arkitektonikoa eredugarriak direlako aukeratu dute telebista saio baten ikur gisa. Aitzitik Añanan, Araban eta Euskal Herrian Zabalatek ez du merezi duen onarpena jaso. Inor ez ei da profeta bere herrian, Zanbrana ere ez.

Izan ere inork gutxi jakingo du Zabalate dela Arabako armarrian dagoen gaztelua eta Euskal Herrian dagoen multzo historiko ikusgarrienetako bat. Gaztelua 780 metroko garaierako haitz malkartsu, estu eta luzaran baten gainean kokatuta dago, eta itsasontzi forma berezia ematen dio horrek. XI. mendean eraiki zen eta zeregin militar aktiboa bete zuen Gaztela eta Nafarroako erresumen arteko borroka etengabeetan.

Paraje miresgarria zaintzen du Zabalatek. Harkaizti malkartsu baten gainean Uda ibaiaren sarrera zaintzen du. Ocioko gazteluarekin batera -Toloño mendilerroaren iparraldean biak- mendebaldetik ekialdera hedatzen diren bi haran kontrolatzen zituzten, Inglares harana eta Trebiñu barnean hartzen duen Uda ibaiarena. Azken hau Arabako Lautadarako eta Nafarroarako bidea zen.

2013. urtean betiko desagertzeko zorian zegoen Zabalateko monumentu multzoa baina herriko alkate Aitor Abeciaren eta herritarren ekimenari esker zaharberritze lan sakona egin da eta turismo kultural aktiboaren eredua bilakatu da monumentua. Hala, besteak beste gaur egun zurezko pasabide bati esker gotorlekuaren zati bat ikus daiteke eta audiogida interaktibo batek lagunduta multzo osoa zeharkatu eta ezagutu. Zenbait guneetan banatuta dago ibilibidea: Errebala, Portillo de Ibda edo Villavieja hiribildu gotortu zaharra, Santa Maria elizaren hondarrak, gaztelua bera, karobia eta harrobia.

Halaber familiei eta eskolei zuzendutako jinkana kultural interaktiboa prestatu dute Zabalateko ibilbidean Arabako Erdi Aroko historia ezagutarazteko. Umeek Bernardino Fernandez de Velasco jaunari gaztelua etsaiengandik babesten lagundu behar diote jokuan. Smartphone edo tablet-a erabiliz arrastoei jarraitu behar dizkiete eta toki garrantzitsuenetan aurkituko dituzten erronkak gainditu.

Informazio gehiago: www.castillodeportilla.com