Ke egunak Gasteizen

Pelikularen filmaketaren une bat. PHOT.OK

1976ko martxora itzuli da Gasteiz, aste batzuez. Biztanleek hainbat auzotan ikusi ahal izan dituzte praka kanpaidunekin eta alkandoraren lepo luzeekin jantzitako lagunak. Grisak ere itzuli dira kaleetara, haien fusilekin, borrekin eta ke potoekin. Berriro entzun dira Zaramagako San Frantzisko elizaren inguruetan langileen oihuak, eta berriz idatzi dute “justizia” plazako zoruan, odolarekin barik pintura gorriarekin.

Gasteizen 1976ko martxoan izan ziren greba eta mobilizazioen testuinguruan, Espainiako poliziak hil zituen bost langileen istorioan oinarrituta grabatu dute, azken bost asteotan, Vitoria, 3 de marzo pelikula. Victor Cabaco filmaren zuzendariak nabarmendu duenez, gasteiztarren oroimen kolektiboa jaso nahi izan dute: “Hiri honetan, denek dute egun haien gaineko oroitzapenen bat, emozioak, sentimenduak, gertaera haiekin lotuta, eta hori guztia kontatu nahi dugu”. Hala ere, ez dute dokumental bat egingo: “Fikzioa da, drama historikoa, baina ahalik eta zehatzen izaten saiatuko gara, benetako istorioari erreparatzen”.

Proiektu jendetsua
Proiektuaren ardatz nagusietako bat zen martxoaren 3ko gertakizunak jasoko dituen filmean  jende askok parte hartzea, eta filmatzen bukatu eta gero esan daiteke helburua bete dela; izan ere, hiru mila boluntario (estra) baino gehiago aritu izan dira pelikularen grabaketan. Gasteizko herritarrek bat egin dute filmarekin. Elizaren inguruetan jazotako sarraskia grabatzeko, bostehun lagunen parte hartzea behar zuten, bi egunez, eta aise lortu zituzten; emakumeen eta langileen batzarrak irudikatzeko ere ehunka gasteiztar batu dira, eta kaleko istiluetan adin guztietakoak izan dira.

Era askotako laguntza izan dute, beraz, pelikula egiteko. Kamerari batek gogoratu duenez, Zaramaga auzoko eszenak grabatzen jardun duten bitartean “auzoko emakumeek kafea eta pastak ekartzen zizkiguten haien etxetik, etengabe galdetzen ziguten zerbait behar ote genuen, eta hunkitu egiten ziren”. Hirian luzaroan gordetako sentimendu eta emozio asko azalarazteko balio izan du grabazioak.

Martxoak 3 elkarteko kideek aitortu dute “oilo-ipurdia” jarri zaiela, maiz, egun hauetan. Babes handia eman dio biktimen elkarteak egitasmoari, eta lan handia egin dute ahalik eta jende gehien biltzeko.
Asier Bilbao filmaren produktore exekutiboak boluntarioen papera azpimarratu du: “Gasteizko herritarrek dena eman dute. Ehunka boluntario musu-truk etorri dira egun hauetan, ekintza sozial edo aldarrikapen moduan, gertakari haietan bizitza galdu zutenen omenez”. Alberto Berzal aktoreak hitzok berretsi ditu: “Jende askorentzat omenaldia izan da, borrokan ibili zirenen alde, guk orain ditugun eskubideak haiei zor dizkiegu eta. Ematen du gertakari haiek urrun daudela denboran, baina ez da hala, jendeak gogoan ditu oraindik. Oso gustukoa izan da”.

Aurrekontu mugatua
Filmaren ekoizleak Oskar Bañuelos kazetaria eta Sonora Estudios eta Gariza Films enpresetako Pako Ruiz eta Asier Bilbao dira. Gidoia Juan Ibarrondok eta Hector Amadok osatu dute, eta Gaizka Bourgeaud da argazki zuzendaria. Filma egiteko, aurrekontu mugatua dute: 1,5 milioi euro; eta egitasmoa Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Espainiako Kultura Ministerioak, Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta ETBk babestuta dago.
Diru partida txikia izan arren, boluntarioen lanari esker eutsi diote erronkari. Bilbaok esan duenez, “hasiera batean, filma txikiagoa zen, baina batzuetan gertatzen da grabaketetan pelikulak handitu egiten direla, eta, kasu honetan, asko irabazi du filmazioarekin, handitu egin da”.

Orain dela zazpi bat urte sortu zen martxoaren 3ko tragediari buruzko pelikula bat egiteko asmoa. Oskar Bañuelos kazetariak eta Juan Ibarrondo idazleak abiatu zuten proiektua, eta ondoren Asier Bilbaorengana jo zuten, amets hori martxan jartzeko. Bost urte eman dituzte beharrezko finantzaketa eskuratzen eta airean zeuden gauza guztiak lotzen.
Victor Cabaco kantabriarrari eskatu diote filmaz arduratzeko, eta haren zuzendaritzapean lan egiten ari dira, estrez gain, aktore hauek: Amaia Aberasturi (Habitacion 303) , Ruth Diaz (Tarde para la ira), Jose Manuel Seda, Alberto Berzal (Eskamak kentzen, Goenkale, Zorion perfektua), Mikel Iglesias eta Iñaki Rikarte (Lasa eta Zabala, Amaren eskuak, Aitaren etxea). Proiektuaren aurkezpenaren egunean Cabakok berak argitu zuen bezala: “Ez dira aurpegi oso ezagunak, baina profesional apartak dira; sinesgarritasunaren aldeko apustua egin dugu”.
Narrazioaren erdian, Begoña izeneko gaztea jarri dute gidoilariek. Begoñak bertatik bertara biziko du “sekula ezer gertatzen ez den hiri bat” astinduko duen gertaera. Gero eta gehiago gaiztotzenari den gatazkaren erdian, zeinen alde jarri aukeratu beharrean izango dira protagonistak. Azkenean, sarraskiaren ondoren, ezer ez da berdina izango Begoñaren bizitzan.
2018ko udaberrirako
Vitoria, 3 de marzo pantaila handian ikusteko, dezente falta da. Filma ezingo dute aurkeztu datorren urteko martxoaren 3an, baina udarako baietz espero du Asier Bilbaok: “Ez dugu epe zehatz bat finkatu amaitzeko; orain muntatzen hasi behar gara, soinua, bideoa… Datorren urteko martxoaren 3rako ez da egongo osorik prestatuta, baina asmoa da trailer edo bideo bat egitea, hemen parte hartu izan duen jendeari eskerrak emateko; zerbait egingo dugu, seguru”.
Hurrengo udaberrian ikusiko dute egileek nola geratu den pelikula, eta, horren arabera, produktoreekin hitz egingo dute, lehen emanaldia antolatzeko: “Agian, komeni zaigu jaialdietara eramatea, zer-nolako erantzuna duen jakitearren”.

Aizu! AEKren aldizkaria

Advertisements

Argitaratzailea

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute

Kazetaria. Journalist.