Gai toxiko arriskutsuen maila gainditu du Zadorrak

Gai toxiko arriskutsuen maila beste behin gainditu du Zadorra ibaiak. Legediak zehazten dituen parametroak aise gainditu dira Lantaron eta Iruña Oka udalerrietan 2014. urtean. Ebroko Ur Konfederazioak urtero egiten duen txostena aurkeztu du.

Arazo nagusia Lantarongo industrialdearen urak jasotzen duen Miranda de Ebroko kontrol gunean atzeman dute. Lantaronen dozenaka enpresa eta industria kimikoak daude eta horiek kontrolatzeko ezarrita dago kontrolgunea, isuri arriskutsu arruntak neurtzeaz gainera industria kimikoen kutsatzaile espezifikoak neurtzen ditu. Txostenaren arabera Zadorran neurtutako benzotiazol eta mercaptobenzotiazol produktuek legez ezarritako muga hainbat aldiz bikoiztu dute. Ebroko Ur Konfederazioak berretsi duenez 2014. urtean atzeman dituzten mercaptobenzotiazol kontzentrazioak “aurreko urteetan baino askoz altuagoak dira”. Benzotiazol eta mercaptobenzotiazol bulkanizazio lanak azeleratzeko erabiltzen diren gai kimikoak dira.

Bigarren arazoa Trespondeko kontrol gunean atzeman dute. Zadorrako ibaiaren urak gai toxiko ugari daramatza eta gainera legez ezarritako mugak aise gainditzen dituzte. Hexaclorociclohexanoak esate baterako baimendutako maila boskoiztu du. Gainera, sedimentuak aztertu dituzte eta merkurio, kadmio, kobre, nikel, kromo, beruna eta zink bezalako gai arriskutsuak topatu dituzte.

Halaber Miranda de Ebron hidrokarburo eta fluoanteno bezalako gai kimikoak atzeman dituzte sedimentuetan. Arrainak, noski, ez dira libratu. Barboetan eta loina txikietan merkurio kantitate handiak topatu dituzte.

Ebroko Ur Konfederazioaren Txostena

Advertisements

Argitaratzailea

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute

Kazetaria. Journalist.