Atiega-Barron urtegia egiteko plana berpiztu dute

 

IMGP6473

Añanako sailak ureztatzeko lau mila miloi litro ur bildu, 56 hektarea okupatu eta 182 miloi euro gastatuko dituzte. Espainiako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak Atiega eta Barron herrien artean presa erraldoia eraikitzeko egitasmoa berpiztu dute. Urtegi berriak Barron eta Atiega egun lotzen duen errepidea eta bi herrietako eta ondoan dagoen Gineako nekazarien eta abeltzainen lurrak ureztatuko ditu.

Duela hamar urte baino gehiago onartu zuten Arabako Bailarak Ureztatzeko Egitasmoaren baitan jasota dago Barron-Atiegako urtegia baina urteetan geldituta egon da. Haatik abuztuan, ustekabean, Espainiako Gobernuak izozkailutik atera zuen proiektua eta administrazio prozedurari bidea eman zion. Alegazioak egiteko epea zabaldu dute eta horiek aztertu ondoren obrak ingurumen inpaktuaren azterketa gainditu beharko du.

Barron-Atiegako urtegiak Tuesta, Villamaderne, Espejo, Lantaron, Armiñon, Erriberabeitia eta Erriberagoitiko lurrak hornitzeko erabiliko da. Lurpeko tutuerien sistema konplexuaren bitartez Gaubeako zenbait herritan dauden urmael txikiagoekin lotuko dute. Presaren horma nagusia Atiega herritik metro gutxira eraikiko dute.

Kaltetuak kexu dira

Albisteak hautsak harrotu ditu bereziki Barron, Atiega eta Gineako bizilagunen artean, lurrak desjabetuko baitizkiete eta bertan bizi diren gehienak nekazariak eta abeltzainak dira. Kaltetuek informazio falta salatu dute eta azpimarratu obra hau ez dela beharrezkoa, egun lurrak ureztatzeko eskaera oso txikia baita eskualdean. Egitasmoaren kontrako sinadurak bildu dituzte dagoeneko.

Halaber eskualdeko bizilagunentzat oso garrantzitsua den errepidea desagertuko dela salatu dute eta planteatzen den alternatiba ez dute begi onez ikusten. Atiega eta Barron lotzen duen bidea maiz erabiltzen dute Gaubeako bizilagunek, neguan bereziki, Gineako muinoa eta Gesaltzako mendatea ekiditeko. Proiektuak errepide berria egitea aurreikusten du, urtegiaren ertzetik, baina orain baino altuagoa eta horrenbestez neguko arazoak ez lituzke konponduko.

Ikusteke dago Espainiako Gobernuak urtegia eraikitzeko prozesua arintzeko asmoa duen edo beste hamar urtez kutxan gordeko duen.

Advertisements

Argitaratzailea

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute

Kazetaria. Journalist.