Arkamu izendatu dute Kontserbazio Bereziko Eremua

ARKAMO_AArkamu mendilerroa Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu du Eusko Jaurlaritzak, eta Natura 2000 Europako sarean sartu dute. Gibillo-Arrastaria ingurunearekin eta Salvada-Gorobel mendilerroarekin batera, Araban bikain zaindutako gune naturalen artean dago Arkamu.

Arkamu mendilerroa kareharrizkoa da eta leize, dolina (harkaitza urtzean eratutako sakonuneak) eta lapiaz (uraren higadurak harkaitzean eratutako ildoak) asko ditu, formazio karstikoetan ohikoa den legez.

Ipar-ekialdeko isurialde osoa kareharrizko hormatzarrez osatuta dago, hondoan dagoen Kuartango haranetik izugarri ikusten direnak. Gailurrean, erliebea desberdina da zeharo, goi-ordoki bat dagoenez, Lakozmonte haranera doan beherako malda leunekoa. Arkamu mendilerroaren ipar-ekialdean dago Gibillo mendilerroa. Arrastaria, Kuartango eta Basabe haranen artean dago eta gailurrean, 800-900 m-ko altueran, goi-ordoki bat du.

Eguterak eta goi-ordokiak mendiko garriga sarri batez estalita daude, klima mediterraneoan berezkoa dena. Mendilerroaren gainaldean larreak, txilardiak, sabinadiak eta garrigak daude, KBEaren azaleraren 11.540 hektareen % 30 hartzen dutenak. Azalera horren % 97,5 titulartasun publikokoa da, eta Amurrio, Urkabustaiz, Kuartango, Gaubea eta Erriberagoitia udalerrietako lurrak hartzen ditu. Baso-ustiaketa eskasa den arren, abeltzaintza estentsiboak garrantzi handia du KBE horretan.

Arkamu-Gibillo-Arrastaria KBEan Basa eta Itsas Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasotako 55 fauna-espezie eta 4 landare-espezie daude, tartean, errege-koroa, miru gorria eta igaraba, «galzorian» kategoria dutenak. Natura 2000 Sarearen barneko bi eremu horietako faunari dagokionez, kiropteroak aipatu behar dira, bertan 17 espezie bizi baitira; EAEn ezagutzen diren espezieen % 65. Horrenbestez, bi naturagune horiek EAEko saguzar espezie-aberastasun handiena dute eta lehentasunezko eremuak dira horientzat.

Advertisements

Argitaratzailea

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute

Kazetaria. Journalist.