Munduko lehen izarren parkea izendatu dute Badaiako Santa Katalina lorategi botanikoa

IMGP6371Badaia mendilerroan, XIII. mendeko monasterio baten hondakinen artean, Gasteiztik hamar bat kilometrora, munduko lehen izarren parkea dago. Lau hektareako Santa Katalina lorategi botanikoan milatik gora landare, zuhaitz eta loreak inguratuta behaketa astronomikoa egiteko baldintza paregabeak daudela ziurtatu berri du Startlight Fundazioak.

Irabazi gabeko fundazioa Kanarietako Astrofisika Institutuak sortu zuen “astronomia hedatu, gaueko zerua zaindu eta izarrak behatzeko eskubidearen alde lan egiteko”. Unescoren, Turismoaren Munduko Erakundearen eta Nazioarteko Astronomia Batasunaren babesa du. Fundazioak ziurtagirien sistema bat sortu du zeruaren kalitate bikaina duten eta izarren behaketa ondare gisa txertatzen dituzten tokiak nabarmentzeko. Sailkapenaren arabera ‘izarren parkeak’ gaueko zerua bereziki zaintzen duten udalerrietan aukeratzen dira eta jarduera astronomikoak antolatzeko aukera bikaina ematen duten tokiak dira. Santa Katalina lorategi botanikoa sailkapen horretan sartu den munduko lehen gunea da. 

Iruña Okako udalak bultzatu du izendapena Santa Katalinako Lorategi Botanikoaren Lagunen elkartearekin batera eta Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin. Hemendik aurrera bisitarien eta herritarren artean zerua behatzeko zaletasuna sustatuko dute baita astronomiaren inguruko jakituria eta zerua babestearen aldeko ekimenak ere. Gainera lorategia Añana eskualdeko turismo gune gisa indartu nahi dute eta astro-turismoa bultzatu.

Dagoeneko zeru izartsuaz gozatzeko egokia den parkearen muino ilunenetariko batean zeruko planisferio bat prestatu dute. Iparrizarra du erreferentzia eta konstelazio zirkunpolarrak markatzen ditu, Kanariar Uharteko La Palmako izar behatokiaren ereduari jarraituta. Azalpen panela prestatu dute bisitarientzat.

Halaber, Santa Katalina izarren parkea izendatu dutela ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte. Lehenbizikoa igande honetan egingo dute, haurrentzat eta gazteentzat izarrak ezagutzeko lantegia hain zuzen. Bestetik 360 graduko planetario saioak ere egingo dira etorkizunean eta hitzaldiak eta gaueko behaketak antolatuko dira urtean zehar kometa paseak, ilargi edo eguzki eklipseak, planeten lerrokadurak eta izar euriak ikusteko.

Haatik, Añana Kuadrillan astro-turismoarekin lotutako ekimenak ez dira Santa Katalinara mugatuko. Izan ere, Arabako Diputazioak Gaubeako Valderejoko parke naturala ere Starlight sailkapenean sartzeko proposatu du eta horretan lanean ari da. Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak adierazi duenez “Valderejo argi kutsadura gutxiko eremua da eta, gainera, aukera asko dauzka jatorri naturaleko soinu erreserba izendatu dezaten, leku ezin hobea baita zeruari begiratzeko”.

Advertisements

Argitaratzailea

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute

Kazetaria. Journalist.