La Sebe presa salbatzeko dirua jarriko du Arabako Aldundiak

La Sebe presaArabako Foru Aldundiak premiazko neurriak hartuko ditu Uribarri Gaubeako La Sebe presa salbatzeko. Diputatuen Kontseiluak onartu berri du 68.615,15 euro zuzenduko dituela presaren lehengoratzeari lehenbailehen ekiteko. Gaubeako presaren desagerpena saihestu nahi dute, izan ere gerta daitekeen zerbait da Omecillo ibaiaren urak azken urteotan eragin duen higaduraren ondorioz. Uribarri Gaubeako kontzejuak uda aurretik salatu zuen EAEko egurrezko presa bakarra betirako desagertzeko zorian zegoela. Zaharberritzea berehala hasi nahi da eta urtea amaitu baino lehen amaituta izango dute.

La Sebe errotaren industriaurreko gunea 1781. urtekoa da eta 2005ean erregistratu zen lehen aldiz Añanako Kuadrillako ondare arkitektonikoaren inbentario batean. Guneak halako errotekin batera izaten den sistema hidrauliko guztia zuen: presa, palak, ubidea, bitarteko uhateak ureztaketarako bigarren mailako ubideak hornitzeko… Errotaren presa bereziki deigarria da tipologiagatik eta eraikitzean erabilitako materialengatik, eta 2011. urtean Eusko Jaurlaritzak haren balioa aitortu eta Kultura Intereseko Ondasunen zerrendan monumentu izendatu zuen.

2005. urtean Arabako Foru Aldundiaren Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuak urgentziazko eraberritze bat egin zuen presaren hondatzea geldiarazteko. Egurrezko ohol batzuk jarri ziren egituraren barnealdera ura ez sartzeko, eta barnealdea betetzen zuten materialak arrastatzea geldiarazteko. Halaber tamaina ertaineko harriak jarri ziren, desagertutako betegarriak osatu ziren eta zeuden jario txikiak buxatu zituzten. Haatik joan den otsailean Gaubean gertatu ziren euriteen ondorioz ur korronteak zulo handia egin zuen presaren egituran eta oso egoera larrian utzi zuen.

 

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.