Arabako egurrezko presa bakarra betirako desagertzeko zorian da

IMGP5628La Sebe errotako presa guztiz hondatuko da zaharberritzen ez badute. Hala ohartarazi du Uribarri Gaubeako kontzejuak. Beharrezko neurriak hartzen ez badira Araban eta Euskal Autonomia Erkidegoan kontserbatzen den zurezko presa bakarra desagertuko da, betiko.

Joan den neguko euriteen ondorioz ur korronteak zulo handi bat egin zuen presaren egituran eta, Uribarriko kontzejuak adierazi duenez presaren egoera “oso larria” da eta edozein unetan eror daiteke. 60.000 euroko inbertsioa aurreikusi du kontzejuak La Sebeko presa salbatzeko.

XVIII. mendean jada dokumentatuta dago zurezko presa Omecillo ibaian, Uribarri Gaubea herriko La Sebe errotatik bostehun bat metrora. Presaren eginbeharra ibaiaren ur-maila igotzea zen kanalera bideratuz errota martxan jartzeko.

Eusko Jaurlaritzak ondare kulturalen artean monumentu izendatu zuen 2011. urtean. Honako arrazoiak kontuan hartu zituen: “Presa zurez eta harriz egindako egitura berezia da, Arabako Lurralde Historikoan dagoen bakarra. Zurezko presak sarri erabili bide ziren garai batean, gelditu diren arrasto ugariei eta dokumentazioari erreparatuz gero, baina gerora harrizkoek hartu zuten haien lekua. Horregatik, ez da ohikoa zur hutsezkoak edo tipologia mistoa dutenak aurkitzea”.

Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun ‘in situ’ ezagutzen eta kontserbatzen den bakarra da Uribarri Gaubeakoa. “Presa mota hau arkeologia industrialaren benetako erlikia dugu, jada desagertu diren antzinako eraketa eta tekniken testigu bakana. Azpimarratzekoak dira, bestalde, presaren eraikuntza-sistema mistoa zura eta harria konbinatzen baititu”.

2011. urtean presaren kontserbazio egoera balekoa baina delikatua zela aipatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta haren interes historikoa eta etnografikoa direla eta zaintzeko beharra azpimarratzen zuen. Eusko Jaurlaritza bera, Arabako Foru Aldundia eta Gaubeako Udala dira orain presaren egoeraren arduradunak.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.