Usadio zaharrean twitteatzen

Tobillas herriko latsarriaValluerca1Valluerca Latsarriak emakumeen topalekuak izan dira urte luzez eta inguruko herrietan gertatzen zen guztiaren berri bertan azaldu eta horren inguruan hitzegiten eta eztabaidatzen zuten emakumeek. Gaur egun twitter edo facebook betetzen duten funtzioa bete zuten aspaldi latsarriek.

Araban XVIII. mendetik eta 60ko hamarkadan ura etxeetara iristen hasi zen arte latsarriak ziren informazioa elkarbanatzeko, eztabaidatzeko eta aske hitzegiteko adin guztietako emakumeek erabiltzen zuten eraikin publiko bakarrenetakoa. Eztabaida sutsuak egiten zituzten bertan, inolako fundamenturik gabeko txutxu mutxuak zabaltzen ziren edo nobedade garrantzitsuak, pasadizoak eta eguneroko bizimoduaren gorabeherak.

Hala ere ezin da ahaztu horrelako eraikinak lan egiteko eremuak direla eta arropa garbitzea oso lan gogorra, luzea eta nekeza zela esfortzu handia eskatzen baitu, lehenengo arropa-kargak latsarrietara eramateak, ondoren garbiketako lanak berak, eta azkenik, garbitu eta lehortu ondoren, berriro etxera ekarri beharrak.

Genero rolak banatzeko bidea

Haatik lan egiteko eta komunikatzeko eremuaz gainera hirugarren funtzioa bete zuten latsarriek, oso elementu garrantzitsuak bilakatu ziren genero bereizketa eta genero rolak mantentzeko orduan. Latsarrietan sexu araberako lanaren banaketa oso presente zegoen eta halaber umeei eta neska gazteei ‘zegozkien’ rolak jokatzen irakasten zieten emakume helduek. Beatriz Gallego Muñoz historialariak genero kontzientziaren sorkuntzan latsarriek izan zuten eragina oso ondo ikertu zuen eta hala jaso du “Latsarriak Arabako nekazal eremuan” liburuan.

Latsarriak eraikitzeko arrazoi anitz dago, herriko kontzeju bakoitzaren arabera. Batzuetan ordurarte ibaiaren ertzeetan arropa garbitzen zuten emakumeak erosoago lan egitea bilatzen zuten baina beste batzuetan moralitatea zaintzea. Maiz herriko ibai ertzeetan gizonak eta emakumeak modu naturalean elkartzeko zuten joera trabatu nahi zuten eta beste batzuetan emakumeak “arropa garbitzeko hartzen dituzten jarrera lizunak” ekiditu.

Gaubean ondare aberatsa

Latsarriak, iturriak eta hirukoak herrietako emakumeek urte luzez egin duten lan gogorra eta ezkutuaren adibide esanguratsuak dira. Araban latsarri mota anitz daude eta eskualdearen arabera ezaugarriak aldatzen dira. Gaubean 59 iturri, latsarri, hiruko eta uraska daude, eta gainera Añana Kuadrilla da Araban uraren arkitekturarekin lotutako elemento arkitektoniko gehien dituena.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.