Oroimena, sasien lekuan

IMGP5754

IMGP5732 (1) IMGP5703Bost urte igaro dira Primitivo Fernandez de Labastida, Florentino Garcia Valencia eta Monica Barron del Val nekazarien gorpuzkinak La Tejera mendateko hobi komunetik atera zituztenetik eta bosgarrenez bildu dira senideak, lagunak eta Ahaztuak elkarteko kideak fusilatutako lagunak omentzeko. “Pertsona hauen zordunak gara eta gure konpromisoa urtero hemen egotea da, hemen egongo ez bagina sasitza egongo litzakete toki honetan eta batek baino gehiagok gertatutakoa auzian jarriko luke” esan du Marcelo Alvarez Ahaztuak taldeko kideak.

Hilaren 13an bildu ziren La Tejeran berrogeitahamar lagun inguru Burgoseko hiru nekazariak ekitaldi xume batean gogoratzeko. Aurreskua eta lore eskaintza egin zituzten mendatean jarritako oroitarriaren ondoan. Primitivo Fernandez de Labastidaren bilobak Gesaltzako eta Erriberagoitiako lagunek hobia aurkitzeko eman zieten laguntza gogoratu eta eskertu zuen. “Duela bost urte hemendik genbiltzan zuekin, pikatxoa hartu genuen eta aitona bilatzen hasi ginen gure kabuz eta jakin gabe oso ondo zer egiten genuen ezta legez kontra ari ginen. Zuei esker gaur nire ama eta izeba, Primitivoren alabak, hona itzuli dira” esan zuen.

Erreketeek hildakoak

Gasteiz eta Gesaltza Añana lotzen dituen errepidearen bihurgune horretan 1936. urteko irailaren 3an hiru lagun fusilatu eta hobiratu zituzten. Zuloa astebete lehenago egin zuen Tuestako errekete talde batek.

Florentino Garcia eta Monica Barron del Val senar-emazteei buruz ezer gutxi jakin da, soilik 47 eta 45 urte zituztela baina argazkirik ere ez dute aurkitu. Villanueva de Soportilla (Burgos) herrikoak ziren eta seme-alabarik ez zuten.

Santa Gadea del Cid (Burgos) herriko Primitivo Fernandez de Labastida ‘Primi‘ goizaldeko 01:00etan eraman zuten bi erreketek etxetik ustez galdeketa bat egiteko. Ez zen itzuli. Gau hartan etxean utzi zituen Iluminacion hamar urteko alaba eta Felisa emaztea, haurdun, ia erditzear. ‘Primi’ nekazaria zen, 35 urte zituen eta basozain izateko ikasten ari zen. Gizon jantzia zen eta irakurtzea, gitarra jotzea eta kantatzea gustatzen zitzaion. II. Errepublikaren garaian udaletxeko idazkariari laguntzen aritu zen. 1936ko irailaren 3koa ez zen ‘Primi’ galdeketa bat egitera eraman zuten lehen aldia. Abuztuaren amaieran bertan guardia zibilek eraman zuten eta bi egun pasa zituen Pancorboko espetxean baina etxera itzuli zen, libre. Irailaren 3ko goizalde hartatik aurrera ez.

Testigantzak

Urte asko pasatu zuten ‘Primi’ren alabek pentsatzen aita faxistek fusilatu eta txakurrek jan zutela, eta ez zuten haren gorpurik berreskuratzeko itxaropenik. Denborarekin familiak gau hartan gertatutakoari buruzko testigantzak jasotzen joan zen eskualdeko herritarrei esker, eta‘Primi’ren eta beste bi lagunen gorpuzkinak La Tejeran egon zitezkeela irudikatu zuen.

2010ean Ahaztuak Elkartearen laguntza eskatu zuten gorpuak hobitik ateratzeko. Maiatzaren 29an hasi ziren lanean inguruan eta ekainaren 12an, etsitzear zeudela, garezur zati bat aurkitu zuten. Astebete beranduago hiru gorpu atera zituzten lurpetik; buruan tiro bana zuten.

Aurkitutako gorpuzkiak Donostiako Euskal Herriko Unibertsitateko Auzitegiko Antropologiako laborategira eraman ziren eta bertan ikerketa antropologikoa egin zen. Gorpuzkiekin batera, objektu batzuk aurkitu zituzten, hala nola, apain-orrazi bat, krisketak, txanpon batzuk, gerriko baten metalezko belarri bat eta abarketen kautxu beltzezko zolak. Teknikoek berretsi zuten Primitivo Fernandez de Labastida, Florentino Garcia Valencia eta Monica Barron del Val zirela. Eta hirurak euren herrietara itzuli ziren. “Duintasuna” berreskuratu zutela azpimarratu du familiak aurten egindako omenaldian.

Ahaztuak Elkarteak La Tejeran jarritako oroitarrian jasotzen da hiru pertsona hauek 1936ko uztailaren 18az geroztik Espainiako estatutan izandako olatu errepresiboaren ondorioz hil zituztela beste milaka lagunen artean. “Altxamendu militarraren ostean Errepublikaren aldeko pertsonek izugarrizko errepresioa pairatu zuten: Araban, adibidez, 300-400 pertsona erailak izan ziren. Hemen egiten diegu omenaldia eta hemen euren memoria jaso eta aldarrikatzen dugu”.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.