Frutagile txikiak laguntzeko ekimen berria Añana Kuadrillan

IMG_2270

Gaubeako Enpresarien eta Ekintzaileen Elkarteak frutari zukua ateratzeko ekipoa erosi berri du eta eskualdeko frutagileei eskaini die. Nekazaritza produkzioa dibertsifikatzea eta produktore txikiek dituzten fruta esplotazioak manten ditzaten alternatiba bat eskaintzea dute helburu. Ekipoa mugigarria da eta Añanan, Basaben eta Corron txandakatzen ari dira. Eskualdeko frutagile guztiek dute aukera erabiltzeko.

Alfredo Orive Añanako Ekintzaileen Elkarteko kideak azaldu duenez, hasiera batean etxeko fruta kontsumorako pentsatuta dago, zukua edo sagardoa egiteko, baina ekipoak fruta zukua pasteurizatzen du eta aukera dago produktua merkaturatzeko ere. Fruta txikitzeko makina homologatuta dago eta osasun erregistroaren baldintzak betetzen ditu. Dena den Euskal Autonomia Erkidegoaren legediaren arabera beste neurri batzuk bete beharko ditu produktua merkaturatu nahi duenak.

Orivek esplikatu duenez Arabako Diputazioak froga modura sagardoa eta fruta zukua egiteko azpiegitura mugigarria erosi zuen iaz eta herrialdeko frutagileei eskaini zien. Frutagintza profesionala eta ekologikoa bultzeko asmoa zuen ekimenak. “Frutagintzaren garapenerako beharrezkoa da transformazioa, baina instalakuntzak oso garestiak dira, batez ere jarduera hasten denean, eta gainera gure eskualdean fruta esplotazioak oso txikiak dira”.

Ekinaldiak arrakasta handia izan zuen Gaubean eta aurten Ekintzaileen Elkarteak 2.991,81 euroren truke ekipoa erostea erabaki zuen. Mantenua eta konponketak finantzatzeko urteko kanona ordaindu behar dute ekipoa erabili nahi duten Añanako frutagileek. “Tokiko produktoreak lagundu, haien arteko elkarlana bultzatu eta eskualdeko fruta barietateak babestu nahi ditugu” azaldu du Orivek.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.