Luizi handi batek itxi du Paul herriko ‘Roberto’ igeltsu meatzea

Paul herriaren ondoan dagoen aintzineko Roberto igeltsu meatzea itxita dago lur jausi handi baten ondorioz. Mendiaren eskubiko hegalean gertatutako luizi batek bidea moztu du eta une honetan leizeak dituen bi zuloetatik bat ez da ikusten eta bigarrenaren sarbidea eroritako harri handiek, lurrak eta zuhaitzek oztopatzen dute.

Geologoen artean aski ezaguna da Roberto eta meatzaritza eskolek antolatzen dituzten bisitaldi gidatuen parte izaten ohi da. Gainera Euskal Autonomia Erkidegoko geologia toki interesgarrien inbentarioan izendatuta dago Pauleko meatze abandonatua; are gehiago Eusko Jaurlaritzak 2011. urtean Geo-Basque Sarea egitasmoan Robertoren inguruan ekimen didaktikoak antolatzeko eta meatzearen galeriak egonkortzeko beharra planteatu zuen.

Erriberabeitiako Udalak hainzuzen urrian onartuko duen Paisaiaren Jarduera Planean jasotzen da meatzearen eta meatzaritzaren inguruan lanketa turistiko-didaktikoa egiteko aukera. Hala, beste herrialde batzuetan bezala Pauleko meatzearen ezaugarri etnografikoak eta geologikoak ezagutarazteko plan bat abian jartzeko aukera jaso dute plan horretan. Haatik une honetan arriskutsua da meatzearen inguruan ibiltzea.

Meatze tradizioa

Roberto Añanako diapiroaren egituran kokatuta dago. EAEko igeltsu meatze bakanetakoa da eta zaharrenetakoa Erromatar garaiko aztarnak topatu dituzte eta. Meatzeak hogei hektareako azalera du eta berrehundik gora metroko luzera. Bi meazulo ditu, haietako bat galerietarako sarbidea zena; bestea minerala ateratzeko erabiltzen zen. Bertan erabiltzen zuten kargalekua ikus daiteke oraindik.

Igeltsugintzaren tradizioa aspaldikoa da Erriberabeitiako zenbait herritan. Bertako nekazarientzat jarduera osagarria zen eta ereintza bukatu ondoren ekiten zioten igeltsugintzari. Hala garai batean ohikoa zen nekazari bakoitzak meatze bat ustiatzea. Modu tradizionalean ateratzen zuten minerala, pikotxak eta barrenak erabiliz eta labeetan kiskali egiten zuten harria igeltsua ateratzeko. Urte luzez, Pauleko herritarrak idi pareak tiratutako gurdietan igeltsua hartu eta Gasteizera joaten ziren saltzera.

XX. mendean igeltsuaren erauzte industriala hasi zen. Yeserias Zarate S.A enpresak ustiatu zuen 1947. urtetik 1960. urtera arte inguruko meatzeak Roberto izenekoa barne. Familiak fabrika eta industriagune txiki bat sortu zuen herritik aparte, Paul eta Arbigano herriak lotzen dituen errepidean, eta igeltsua egiteko harria harrobitik jaisten zuten burdinazko edo zurezko egiturako dorreek eutsitako aireko kableen bidez. Dorre haietako batzuk egun Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan daude ikusgai. Meatzeen zainak agortu zirenean Zarate familiaren fabrika desagertu zen.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.