Uxamabarca autrigoien hiri galduan

Duela 3.200 urte inguru autrigoiak gorde zituen bezala zaintzen ditu egun naturak Lastrako Kastroaren (Uxamabarca) aztarnak. Artadi zaharrak, bide malkartsuak, eta inguruaren isolamenduak lagundu dute 1858. urtean deskubritu zen Burdin Aroko herriaren arrastoak babesten. Izan ere urteak pasa dira Arabako instituzioek aztarnategia abandonatu zutenetik.

Diputazioak bere garaian jarritako heziak eta argibide taula gehienak desagertu dira eta Karankatik bertara igotzeko bidea markatzen zituzten margo urdinak ezabatu dira. Orain Burdin Aroko herriaren eraikinen artean behien eta ardien hondarrak ikus daitezke baita ehiztarien kartutxoak ere, eta eraikin batzuk erori egin dira. Bertara hubiltzen diren bisitariak hobe dute aldez aurretik informazioa biltzea, bertan oso informazio urria topatuko baitute.

Muino aldapatsu eder batean kokatuta dago Uxamabarca. Gailurretik ikaragarrizko panoramika ageri zaigu, Urduñako Antigua eta Salbadako mendilerrotik Arkamuko mendilerrora eta ezkerraldean Risca eta Raso mendiak eta Estulizeko gaztelu zaharra.

Indusketa lan luzea

1975 eta 1997 urteen artean egindako indusketen arabera Brontze Aroaren azken urteetan ibarretik babes bila zetozen hainbat lagun muinoa okupatu eta etxeak eraikitzen hasi ziren. Abeltzaintza zuten ogibide nagusia baina pixkanaka ere nekazaritzara bildu ziren. Kristo aurreko IV. eta V. mendeen artean, Burdin Aroan hain zuzen herriak garrantzia hartu zuen, bereziki igarobidean zegoelako eta inguruko beste herriekin harreman komertzial handiak zituen. Muino osoa hartu zuten biztanleek eta bigarren harresia eraiki zuten. Nekazaritza eta abeltzaintzarekin batera buztigintza eta metalurgia lantzen zituzten.

Adituen arabera autrigoien tribukoak ziren orduko biztanleak, hain zuzen garai horretan Arabako mendebaldea, Burgos eta Kantabria okupatzen zuen tribuak. Ikerlariek diote erromatarren zenbait idatzietan jasotzen den Uxamabarca autrigoien hiri inportantea dela Karankako muionan eraikitakoa.

Aro aldaketan, I. mendean, herritarrek Uxamabarca abandonatu zuten eta Espejora edo Osmara joan ziren. Mendeetan hutsik egon ondoren 800. urtean jendea muinora itzuli zen ziurrenik arabiar inbasioari aurre egiteko toki estrategikoa eta babestua zelako. Hala, indusketek Erdi Aroko etxebizitak, ermita bat eta 60 hilobi antropomorfoak topatu zituzten.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.