Padel pista bat eraikiko dute Espejon

Espejo PlazaGaubean bakoitzak bere astoari egiten dio arre. Bovedan gastuei aurre egin ezinik igerilekua itxi eta harearekin estali behar izan duten bitartean Espejon padel pista estalia eraikiko dute. Inbertsioa egiteko aitzakia da hamar kilometro eskasera dagoen Lantarongo padel pistara hurbildu behar direla Gaubeako jokalariak, eta antza bidea luzea egiten zaie.

Udalak El Eco de Valdegovia EAJren aldizkariaren bitartez zabaldu berri du egitasmoa. 30.000 euro inbertituko dituzte obra egiteko, Udalaren inbertsioaz gainera Eusko Jaurlaritzaren Erein plana eta Arabako Aldundiaren Foru Plana baliatuko dituzte. EAJren arabera, etorkizunera begira padel pistak ez du diru inbertsiorik behar izango orduro 10 euro inguru kobratuko baitituzte pistak erabiltzeko eta ondorioz mantentze lanak finantzatu ahal izango dituzte.

Padel pista Espejoko frontoia eta plazaren artean dagoen udal lurzoru batean kokatuko dute. Hogei bider hamar metro izango ditu pistak, eta estaliko den azalerak hogeitalau bider hamalau metro. Lantarongo padel pista egin zuen enpresa berdinak eraikiko du Espejokoa.

Duela bi urte inguru eraiki zituzten Lantaronen padel eta tenis pistak eta ordutik hamaika ekimen abiatu dituzte Udalak eta herriko klubak, besteak beste txapelketak eta umeentzako barnetegiak izan dira. Ildo beretik Gaubeako Udalak ere kirol jarduerarekin eta aisialdiarekin loturiko ekintzak bultzatzeko asmoa du padel pistaren inguruan biltzen diren lagunekin.

Bestet alde batetik, Uribarri Gaubean polikiroldegia egiteko lanak aurreikusi ditu Udalak baina egitasmoa orandik zehazteke dago. Eskolaren eta igerilekuen artean dagoen udal lurzoruan eraikiko dute polikiroldegi berria.

Igerilekuak

Aurreko bi urteetan bezala egin izan duten bezala aurten ere Gaubeako, Gesaltza Añanako eta Sobrongo udalek akordioa egin dute uda garaian igerilekuetako bazkideek aukera izan dezaten hiru udalerrietan dauden igerilekuak berdin erabiltzeko. Hala irailera arte Gaubeako igerilekuen karneta duen oro doan sartuko da Gesaltza Añanan eta Sobronen.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.