Arreoko lakua berreskuratzeko eta babesteko ekimena aurrera doa

IMGP4714Nabarmen aldatu da Caicedo Yusoko edo Arreoko lakua 2013. urtean ingurunea berreskuratzeko eta babesteko Life Tremedal ekimena martxan jarri zutenetik. Toki isolatua da Arreo baina hala ere presio handia eragiten zuten lakuan nekazaritzak batetik eta espezie inbaditzaileek bestetik. Jarduera arriskutsuak zuzentzeko planaren ondorioak begi bistan dira orain, lakua hesitu eta tokiko zuhaitzak eta landareak jarri dituzte eta ibilibide mugatua ezarri dute lakua inguratu nahi izanez gero. Iaz gainera espezie inbaditzaileak kontrolatzeko harrapaketa lan handia egin zuten.

Caicedo Yuso kontzejuan dago Arreo, Lantaronen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko laku natural iraunkor bakarra da. Itsasoaren mailatik 650 metroko altitudean dago eta iturburu gazi batek osatzen duen elikadura arro txiki bat dauka. Gainera, Iberiar Penintsulan gatz tximinien gainean dauden bi lakuetako bat da. Gesaltzako gatz haranarekin lotura hidrogeologiko zuzena du Arreok.

Isolamenduak lakuaren balio naturalak babesten lagundu badu ere, 1956. urtetik gutxienez Arreoko hezegunea murrizten ari zen, eta Life Tremedal programa abiatu zutenean gutxienez %14 galduta zegoen. Hezegunea bera okupatzeaz gain, inguruko laboreek presioa handia eragiten zuten sisteman, ongarriak erabiltzen baitzitzuten, ureztatzeko erabiltzen zuten, etabar. Gainera, kontrolik gabeko praktikak gauzatu dira, iturburu gaziaren inguruan lur mugimenduaj egon dira, drainatze txikiak ere eta azalera txiki bat luberritu dute.

Horrekin batera, beste hainbat hezeguneetan bezala kanpoko faunaren presioa ere oso esanguratsua da Arreon. Karramarro gorria, karpa, eguzki arraina eta Black-bass bezalakoak ingurumen-arazo larriak sortzen dituzte, bertoko espezieak ordezkatzen baitituzte eta espezie horien jardunak aldaketa eragiten baititu ekosisteman: uretako landaredia, intsektuak, larbak eta arrain zein anfibioen arrautzak jaten dituzte, jalkinak nahastu eta urak uhertu egiten dituzte.

Egoera aldatzeko asmoz Arreoko lakua Life Natura Tremedal egitasmoan sartzea planteatu zuten 2013. urtean Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Iberiar Penintsulako iparraldeko hezegune kontinental batzuei atxikita dauden habitat eta espezie mota batzuen egoera hobetzea eta biziraupena epe luzera bermatzea da Europako Batzordearen programaren helburua, eta diruz hornitzen ditu ekintzak.

Arreon emaniko lehen urratsa inguruko lursailak erostea izan zen. Arabako Foru Aldundiak lursail horiek erostean, guztira 121.675 metro kuadro, aintzira inguratzen zuten lursail guztiak publiko bihurtu zituen. Horietan nekazaritza jarduerak kendu eta tokiko espeziak landatu dituzte.

Halaber, iaz espezie inbaditzaileak kontrolatzeko lan handia egin zuten. Harrapaketa maila altua lortu zuten. “Bertoko espezien ordez aintziran zeuden espezie exotiko desberdinetako 6.000 arrain baino gehiago atera dira -ia 600 kilo-. Karramarro gorriaren harrapaketak are deigarriagoak dira. Aintziratik 47.000 ale baino gehiago atera dira eta biomasako 1.300 kilo gainditu”, adierazi dute proiektuko arduradunek.

Gauzak horrela aurten harrapaketa kanpainarekin aurrera jarraituko dute, eta era berean Arreoko lakuan bisitarien jarduerak ordenatzeko eta mugatzeko neurri gehiago hartuko dituzte, besteak beste lakutik gertu dagoen Nuestra Señora del Lago baselizan aparkaleku bat paratuko dute.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.