Kuartangoko trikuharriak, utzikeriaren biktima

argazki4
San Sebastian Hegoan hezurrak ageri dira

 

 

 

 

argazki1
San Sebastian Iparra trikuharria

Anda herritik abiatzen da Kuartangoko trikuharriak bisitatzeko ibilbidea. Hala adierazten du bederen herriaren bolatokiaren ondoan jarritako taula zahar batek. Haatik ia ezinezkoa da herritarren laguntza gabe Anda eta Katadiano herrien artean dauden lau trikuharriak aurkitzea, seinalerik ez baitago eraikin megalitikoen ondoan eta bertara hurbilduz gero ez dirudi behien bazkalekua baino gehiago dagoela.

San Sebastian Iparrak eta Hegoak, eta Gurpide Iparrak eta Hegoak osatzen dute Kuartangoko multzo megalitikoa. 2011. urtean monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun gisa sailkatu zituen Eusko Jaurlaritzak, Lantaroon, Agurain, Donemiliaga, Guardia, Leza, Bilar eta Eskuernagan dauden antzeko beste trikuharriekin batera. Mesetako trikuharriak bezala definitu zituen: “Talde homogeneo bat osatzen dute guztiek, zeren denak antzeko kokagunetan agerturiko kultura-adierazpen beraren aztarnak baitira, hau da, arro mediterraneoko behe-lurretan daude, kronologia, eraikuntza-mota eta erabilera aldetik berdintsuak diren goi-lurretako megalitoak ez bezala.”

Aipatzen denez, Euskal Herrian ugariagoak diren goi-mendietako trikuharrietan ez bezala, Kuartangokoen tipologia galeria-hilobiarena da. “Monumentu hauek zirkulu erako ganbera poligonal baten oinarrian daude eratuta, erdian korridore bat dutela, batzuetan zeharkako partiketa egiten duten lauzak kontserbatuta”. 2011. urtean jada Eusko Jaurlaritzak nabarmendu zuen Kuartangoko trikuharriak zaintzeko eta babesteko beharra zegola, eta Gurpide Iparra trikuharriaren egoera txarra jaso zuen: “Bibliografiak korridore erako hilobia izan zela diosku, baina gaur egun ikus daitekeen gauza bakarra tamaina ikaragarria duen harlauza bat da, etzana dagoena, hain zuen ere ganbera zegokeen tokian bertan, zeren eta handik gertu lurrean bertikalki tinkaturiko bi lauza txiki baitaude. Tumulua kareharri handiz egina dago, eta oraindik ongi markatuta ageri da, nahiz eta aski eraldatua dagoen, han-hemen sakonean baititu”.

Lau urteren buruan Kuartangoko trikuharrien egoerak ez du hobera egin eta arauan jasotzen diren gomendioak eta zuzentarauak ez dira bete. Utzikeria nabarmena da Asun Biguri Andako bizilagunak azaldu duenez. “Pena handia da, gure herriko ondarea delako eta zaindu behar dugulako”.

 

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.