Iruña Veleia, harresiaren bi aldeetatik begira

IMGP4527Ostraken inguruko afera jazo zenetik harresi itxurakoa eraiki da gizartearen jakinminaren eta Iruña Veleiako ondarearen artean. Ustezko iruzurrak -egun epaitegietan dago auzia- errezeloa zabaldu du bertako jardueraren inguruan. Gainera erakunde publikoen eta pribatuen aldetik arkeologoen lanak laguntzeko ahalegina murriztu egin da nabarmen. Gauzak horrela gutxi dira egun Tresponde herrian kokaturiko leku miresgarrira hurbiltzen direnak. Eskolako ume gutxi, bisitari gutxi.

Hala eta guztiz ere egoera iraultzeko eta buruko harresiak apurtzeko lan egiten jarraitzen dute egun arkeologoek. Indusketak aurrera darrai eta gainera otsailetik aurrera bisitaldi gidatuak antolatzen ari dira berriz Arabako arkeologi aztarnategi nagusian atzemandako altxorrak zabaltzeko.

Iruña Veleiara antolatu ohi diren bisitaldi gidatuek gotortutako hiria dute ardatz. III. eta IV. mendeen artean Iruña Veleia hiriaren harresia eraiki zuten eta harresiak inguratzen duen hamar hektareako espazioan bildu ziren 2010. urtera arte egin ziren arkeologia indusketak. Eremu horretan ateratako materialak -Iruñako dama, korintioar estiloko kapitela, eta beste hainbat- Gasteizko BiBat museoan daude.

Merezi du gotortutako hirian barrena ibiltzeak Ismael Moll arkeologoak gidatzen dituen bisitaldi gidatuetan. Zazpi guneetan banatuta dago txangoa: Oppidumaren sarrera, Pompeia Valentinaren etxea, mosaikoa duen etxea, biltegiak, Erdi Aroko eleizaren aztarnak gordetzen duen basoa, eta oppidumaren goiko aldean dagoen tenpluaren zimenduak. Erromatar garaiko hiri handi hori nola eraiki zuten eta garaiko arabarrak nola bizi ziren ezagutzeko modu pedagogikoa bezain erakargarria da.

Aurkikuntza berriak

Harresiaren beste aldean ere badago zer ikusi. Izan ere, Iruña Veleiaren goieneko unea oppiduma inguratzen duen harresia eraiki baino lehenago gertatu zen, I. eta II. mendeen artean, eta zonalde zabal horretan dago azken urteetan arkeologoen arreta. Antzinako idazkietan ageri denez, luxuzko etxebizitzak eta eraikin pubiko handiak egin ziren harresietatik kanpo, baita hiriko instalazioak apaintzeko eta hobetzeko garrantzizko obrak ere.

Airetiko argazkiek erakutsi dute Veleiako harresietatik kanpo dauden soroen azpitik Astorga eta Bordele lotzen zituen iter 34 bidea dagoela, Penintsulako iparraldeko bide nagusia merkatarientzat. 2010. urtetik hona bertan lanean ari diren arkeologoek bidea bera dokumentatu dute, eta halaber I. mendeko merkatu baten aztarnak topatu dituzte. Mollek azaldu duenez, “Iberiar Penintsulan bi motatako merkatuak aurkitu ditugu, korridorea dutenak edo patio irekia dutenak. Iruña Veleiako merkatuak patio irekia du, Iberiar Penintsulan aurkitu dugun hirugarren patio irekia da, handiena”. Beste biak Andaluzian eta Madrilen daude. Aurki merkatuaren hegoaldea arakatzen hasiko dira. Eraikinaren indusketan hezurrezko orratsak, beira, burdina, txanponak eta bestelako materialak aurkitu dituzte.

Oraindik lan handia egiteko dago Iruña Veleian. Arkeologiaren alorrean zein pedagokikoan ere. Horretan sakonduko dute aurrerantzean.

 

 

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.