Auto bidaiak konpartitzeko ekimena prest da Gaubean

IMG_1623Govimuf izeneko sistema informatikoa martxan jarri du Gaubeako Udalak eskualdean bizi direnek auto bidaiak konpartitzeko aukera izan dezaten. Hala webgune baten bitartez bizilagunek euren bidaien berri emango dute eta nahi duenak ibilbidea konpartitu ahal izango du. Udalaren ustetan, haraneko mugikortasunerako proiektu garrantzitsua da eta bizilagunen joan-etorriak bermatuko dira, orain ez bezala.

Govimuf sistemaren bitartez Gaubeatik Gasteizera edo beste edozein herrira egunero dauden joan-etorriak partekatuko dira. Euren bidaiak publikatu nahi dituzten gaubearrek http://villanueva-de-valdegovia.govimuf.com orrian sartu eta bertan ageri den formularioan helbide elektronikoa eta hurrengo egunetan egingo dituzten joan etorriak sartuko dituzte. Hala, bidaiatzeko beharra duenak eta autoa edo autobusa ezin duena erabili, web orrian sartu eta pertsona horrekin kontaktuan jarriko da joan-etorria konpartitzeko.

Une honetan Gaubeako harana hiriburuarekin komunikatzeko autobus linea bakarra dago, oso ordutegi murritza du eta ez da herri guztietara iristen. Asteburuetan gainera autobusaren ibilbidea eta maiztasuna are gehiago murriztu egiten dira, eta igandeetan adibidez autobus lineatik kanpo geratzen diren herrietan ez dago taxiz iristeko aukera.

Urtetik urtera murrizten joan da Gaubea eta Gasteiz arteko autobus linearen zerbitzua Arabako Diputazioak errentagarritasun ekonomikoa lehenetsi baitu kontuan hartu gabe haraneko herri gehienetan oso biztanle gutxi dagoela. Hala, Diputazioak iaz onartu zuen herrialdeko garraio publikoaren plangintzan Gaubeako herri gehienak geratu ziren autobuseko lineatik kanpo.

Ondorioz, egun Gaubeako biztanleak menpekotasun handia dute auto pribatuarekiko.

 

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.