Añanako Azokaren hirugarren urteurrena ospatu dute

IMGP4518

“Gure baserritarren bizi proiektu bakoitzari lagundu, bizi garen inguru honen biziberritzea sustatuz”. Helburu horrekin jaio zen Añanako Ekoizleen Azoka duela hiru urte, eskualdeko dozena bat baserritarren eta artisauen ekimenari esker. Iragan igandean Uribarri Gaubeako frontoian azokaren sendotzea ospatu zuten.

Hilabetean behin antolatzen dute merkatua, lehen igandean, Gaubean. Añanako eta mugan dauden Burgosko ekoizleak biltzen dira. Halaber, beste eskualdeko baserritarrak gonbidatu egiten dituzte euren produktuak Gaubeara eramaten, eta inguruko herritarrek aukera aparta dute zuzenean tokiko produktuak erosteko.

Añanako ekoizle sarearen partaide den Mila Madinabeitiak azaldu duenez, ekimena abian jarri zutenean baserritarrek ez zuten imajinatzen azokak halako arrakasta lortuko zuela. “Gaur egun Añanako azoka espazio tinkoa da, espazio bizia, eta gainera bailaran bizi diren herritarren bilgunea bilakatu da, baita beste toki batzuetatik etortzen diren lagunena ere”.

Oso balantze positiboa egiten dute antolatzaileek. Madinabeitiak aitortu duenez “badakigu Araban antolatzen diren beste azoka batzuk gurea baino askoz ikusgarriagoak direla. Gurea txikia da baina balio izan du bereziki tokiko ekoizleak eta herritarrak elkar ezagutzeko. Azoka honek gure produktua saltzeaz gain, eroslea buzti nahi du eta ekoizlearekin harreman zuzenak bultzatu. Topaketa hauek gure herrien bizimodua eta ohiturak berpizteko baliatu nahi ditugu”.

Tokiko produktuak saltzeaz gainera, azoka egunean zenbait jarduera antolatu ohi dituzte herritarren partehartzea bultzatzeko. “Hilabetero tailerren bat dago, bakoitzak egiten duena erakusten dio publikoari eta ekimen partehartzaileak ere antolatzen ditugu”. Pasa den igandean, esatebaterako, umeentzako herri kirolak antolatu zituzten. Halaber, pintxo-potea egiten dute hilabetero frontoian azokak sortzen dituen gastuei aurre egiteko.

Añanako Azokaren antolatzaileen arabera, “saltoki bakoitzaren atzean, kalitatezko produktuaz gain, gure herriek iraun dezatela bermatzen duen jendea dago. Zeharka, eskola, medikua, botika, Udala… bertan egotea lortzen dute. Eta sare bat sortzen da abandonatutako herrien zerrenda luzatu ez dadin”. Gainera herritarrei ohartarazi nahi diete haien produkturen bat erosten dutenean ez dutela kalitatea eta gauzak ondo egiteko abilezia soilik erosten, “sare bat mantentzen laguntzen ari dira, gure ingurunea mantentzen. Erostea kontsumitzea baino zerbait gehiago da”.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.