Ibilbide erradioaktiboa Lantaron barrena

IMG_0929

Garoñako zentralaren aktibitate handiko hondakin erradioaktiboak Cuencako Villar de Cañas herrian eraikiko den hilerri nuklearrera eramateko Lantarongo herriak zeharkatzea proposatu du Enresak. Hala, beste alternatiba batzuen aldean A-2122 errepidea erabiltzea lehenetsi du. Horrela jasotzen da Espainiako Gobernua une honetan aztertzen ari den Ingurumen eraginaren txostenean.
Oraindik ez dago argi noiz hasiko diren Cuencako hilerri nuklearra eraikitzen ezta noiz hasiko liratekeen Garoñako hondakinak mugitzen ere. Dena den, planak aurrera egiten badu zabor nuklearra eramaten dituzten kamioiek Arabako naturgune garrantzitsuenetakoa bat -Sobrongo haitzartea- erabiliko lukete bidaia egiteko. Izan ere, A-2122 errepideak besteak beste Sobron zeharkatzen du eta aipatu eremua Natura 2000 Sarearen barruan dago, Interes Komunitarioko Habitatea da eta gainera, Hegaztientzako Interes Bereziko Gune gisa (ZEPA) sailkatzea aztertzen ari da. Halaber, errepide horretan dauden Arabako herri txiki batzuek garraio erradioaktiboen joan etorria jasan beharko lukete urte luzez, Larrazubia, Fontetxa edo Zubillaga esatebaterako. Enresak aurkeztu duen txostenaren arabera Villar de Cañasen eraikiko den hilerri nuklearrak 170 tona zabor jasoko ditu urtean, eta orotar 40 bidai egin beharko dira Espainian dauden zentral nuklearrak hustutzeko. Zabor nuklearra jasotzen duten garraio-ontziek Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen arauak betetzen dituztela azpimarratu du Enresak, eta bide batez hondakin erradioaktiboak milaka kilometroak errepidez garraiatzeak eragin ditzakeen kalteak gutxietsi ditu. Enresak esan duenez, istripua egotekotan isuri erradioaktiboak jaurtitzeko aukera oso txikia da. Talde ekologistek oso bestelako iritzia dute. Greenpeacek salatu berri du ibilbide erradioaktiboan dauden herriek ez dutela inolako informazioa jaso Espainiako Gobernuaren aldetik, eta herritarrei iritzia emateko eta parte hartzeko eskubidea ukatzen ari zaiela. Taldearen arabera, hondakinak errepidez garraiatzea oso arriskutsua da eta gaineratu du kalte ekonomikoak eragingo dituela herrietan kamioi erradioaktiboak jaso behar izateak.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.