Desagertu da Sobrongo bainuetxearen azken aztarna

Sobron. Zubi zuria
Zubi zuria. (Araba Foru Aldundiaren Artxibategia)

Utzikeria eta ura aliatu dira Sobrongo aintzinako bainuetxearen azken aztarna behera botatzeko. Zubi Zuria 1901. urtean eraiki zuten, Arabako Sobronen eta Burgosko Soportillan dauden iturburuak lotzeko. Ordurarte txalupa batean eramaten zituzten bainuetxeko bezeroak Ebro ibaiaren ertz batetik bestera. Egun, Zubi Zuria Sobrongo antzinako ospearen lekukoa izateaz aparte mendi ibilbide ugariren ezinbesteko igarobidea zen, GR-99 esatebaterako, eta abentura enpresa batek zubia erabiltzen zuen puenting-a egiteko. Iragan asteko astelehenean jazo zen ezbeharra. Asteburuan euri asko egin zuen inguruan eta Sobrongo urtegia hustutzea erabaki zuten. Zubi Zuriak ezin izan zuen jasan Ebro ibaiaren indarra eta erori egin zen. Uraren Museoa kokatzeko erabili duten kapera zaharratik aparte, Zubi Zuria zen Sobronen XIX. mendean eraiki zen bainuetxearen azken aztarna. Sobronen eta Soportillan dauden ur sendagarriak sona handia dute XIII. mendetik erabili izan direlako zenbait gaixotasun arintzeko edo sendatzeko. Bainuetxearen aurreneko eraikina Arabako Diputazioak egin zuen, 1846. urtean, eta 1861. urtean Cristobal Salazar jaunari saldu zion. Salazarrek bainuetxea handitzeko obrak egin zituen eta Ebro ibaiaren beste aldean zegoen Soportillako iturburu termala erosi zuen. Sobron eta Soportillako Urak izena jarri zion bertako ur mineralari eta ospe handia lortu zuen. Hala, erregearen etxea hornitzen zuen eta Kubara ere bidaltzen zuen bertako ura. Zubia eraiki zuten arte txalupa batean eramaten zituzten bainuetxeko bezeroak Araban dagoen La Salud iturburutik Burgosen dagoen Cueva del Agua iturburura. Jabeak aldatu zituztenean eraiki zuten Zubi Zuria, 1901. urtean gutxi gora behera. Araban hormigoi armatuan eraikitako aurrenetariko zubia izan zen Sobrongoa. Sei metroko altuera zuen, 60 metroko luzera eta 3 metroko zabalera. Espainiako Gerran desagertu zen Sobrongo bainuetxea, eta erabilera militarra eman zioten eraikinari. Azken hamarkadan bainuetxearen ingurua berpizteko hainbat ahalegin egin dituzte Sobrongo kontzejuak, Lantarongo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Hala, 2008. urtean zabaldu zuten Sobrongo Ur Museoa. Haatik, Sobron Dinamizatzeko Planaren izarra gune termal bat eraikitzea zen, baina egitasmoak huts egin du. Une honetan Lantarongo Udala da Sobron eta Soportillako iturburuen eta inguruko lursailen jabea, baita Zubi Zuriaren hondakinen arduraduna ere.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.