‘Berantevilla’ erabiltzea hobetsi du Euskaltzaindiak

IMGP4371Beranturi beharrean Berantevilla. Euskaltzaindiako Onomastika batzordeak Berantevilla izena erabiltzea hobetsi du eta Beranturi behingoz baztertzeko aukera zabaldu du. Herriko udalaren eskaerari erantzunez Roberto Gonzalez de Viñaspre filologo eta historialariak ikerketa egin du. Herriaren inguruan dauden agiri zaharrenak bildu ditu Gonzalez de Viñasprek, baina ez du herriaren euskal deituraren arrastorik aurkitu.
Hortaz, Euskaltzaindiak 2006. urtean hartutako erabakiari eusten dio txosten berriak. Horretan, Berantevilla izena hobetsi eta zilegi ikusten zuten Beranturi maila apalagoan erabiltzea, kontutan hartuz itzulpen soila zela. Orain Onomastika batzordeak orduko erabakia berresten du, eta are gehiago Beranturi behingoz baztertzeko aukera zabaltzen du, itzulpenak ez baitu “arrakasta soziala” lortu.
Historialariak idatzitako txostenean jasotzen denez, eskualdearen toponimia historikoaren arabera garai batean udalerrian euskaraz hitzegiten zuten, eta horrenbestez garaiko hiztunek inguruko herrien euskarazko izenak erabiltzen zituzten, baina “gaurdaino iturri dokumental historikoetan ez dugu aurkitu zein zen zehazki Berantevilla herriaren izena euskaldunen ahotan”. Egun udalerriaren toponimo txikietan ordea bai aurkitu dute euskarazko jatorria duten izenak, hala nola Aranbaltza, Buskirri, Otxarrate, Bustagarri, Repimendi, etabar.
Gonzalez de Viñasprek azaltzen duenez, “jatorri erromanikoa duten herrien izenak topatzea euskarazko toponimo txikiak dauden eremuetan antzinako botere harremanen isla izan daiteke, baita erdi aroko populazioaren mugimenduaren ondorioa ere. Araban bereziki Asturias eta Leongo erresumari lotutako mugimenduak “.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.