Gaubeako arima bakartia

bide seinaleaUdazkenean zuhaitzek hostoak galtzen dituzten bezalaxe biztanleak galtzen ditu Gaubeak negura hurbildu ahala. Baratzeko lanak amaituta eta eguraldiak okerrera jotzen duenean pixkanaka-pixkanaka desagertzen joaten dira gure herrietatik Gasteizko eta Bilboko beraneanteak, eta triste samar gelditzen dira herrietako kaleak eta plazak.
Udatiarren erritmora moldatzen dira bailarako tabernak eta jatetxeak ere, eta ordutegia murrizten dute gehienek bereziki astean zehar. Asteburuetan lehenbiziko elur malutak iritsi arte bederen ateak zabal-zabalik izango dituzte zizak, gaztainak eta intxaurrak jasotzera etortzen diren igandekoak jasotzeko. Baina benetako hotzaldiak etortzen direnean lau katu hotz paseatuko gara ostegunetan Espejoko pintxopote murriztuan. Lau katu eta lau taberna.
Amaitu dira beraz herrietako jaiak eta azokak, amaitu dira lagun arteko barbakoak, eguzkia hartzea, tertuliak kalean… eta orokorrean erritmoa apaldu egiten da Gaubean neguaren babesgabetasuna hurbiltzen ari dela sentituko bagenu bezala, hibernatzeko garaia dela sentituko bagenu bezala. Udatiarrak agurtu, intxaurrak eta aranak jaso eta irasagar gozo-gozoa prestatu ondoren prest gaude etxean sartu eta sua pizteko.
Nagitasuna nagusitu egiten da egun hauetan Gaubean, hotzak eta euriak ez dute batere laguntzen eta ordu aldaketak arratsaldeko paseoaren ohitura akabatzen du, seiretan ezinezkoa baita herritik herrira doazen errepideetatik argirik gabe ibiltzea.
Haatik, urtaro tristea bada ere udazkena da Gaubearen inguruak gozatzeko aukera gehien ematen duen garaia.
Batetik, basoen koloreak nola aldatzen diren deskubritu ahal delako, gaztainondoak eta gereziondoak zein politak bilakatzen diren, inguruan dauden pagadi ederrek hostoak nola galtzen dituzten, tokiko pinuek ezkutatzen dituzten mendiko angula txikiak biltzen ikasi ahal delako, etabar.
Eta bestetik, Gaubea osatzen duten herri txikien benetako arima deskubritu ahal duzulako. Bakartasuna da besteak beste zonaldearen ezaugarrietako bat. Mila biztanle ozta-ozta 21.617 hektareetako eremuan sakabanatuta ez da nolanahiko marka eta egoera demografikoak gaubearron izaera markatu du. Gaubean aste bete igaro dezakezu inor kalean ikusi gabe, behin udatiarrek alde egin ondoren herri gehienak -Espejo eta Uribarri Gaubea kenduta- erdi hutsik geratzen baitira eta soilik asteburuetan animatzen dira.
Arima bakartiak herri bakartietan. Hori da Gaubea udazkenean.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.