Deskontzejuan

2015-01-30 17.52.28
Arabako kontzejuen inguruan maiz entzuten eta irakurtzen ditudan hausnarketek ez dute zerikusi handirik nik bizi dudan esperientziarekin. Egia da, bai, eta hala onartu behar da, Arabako kontzejuen egitura demokrazia zuzenaren eredu ezin hobea dela. Teorian, bederen, herrian erroldatuta gauden bizilagun guztiok parte hartzeko eskubidea dugu, maiztasunez biltzen gara, eta herriko kontuetaz erabakiak hartzen ditugu.
Herritar orok aukera du bere iritzia zuzenean emateko, eztabaidatzeko, eta herriaren gobernuan parte hartzeko. Lau urtean behin aukeratzen ditugu lurraldeko kontzejuetako lehendakariak, lehendakariordeak eta idazkariak, eta hiru lagun horiek arduratzen dira egunerokoan herriaren beharrei erantzuten, diru kontuak kudeatzen, eta herriak dituen beharrak edo arazoak kontzejuko bileretan planteatzen. Hautatua izateko eta bozkatu ahal izateko 18 urtetik gorakoa izatea eta herrian erroldatuta egotea dira baldintza bakarrak, eta ez dago alderdi politikorik ez bestelako ordezkaritza formularik. Teorian behintzat kontzejua instituzio demokratiko garbia da. Haatik, gizonez eta emakumez osaturiko egitura instituzional, politiko eta ekonomiko guztietan bezalaxe, teoriaren eta praktikaren artean alde handia dago, eta ez dut oso ondo ulertzen azken garaiotan kontzejuak eta kontzejuen funtzionamendua mitifikatzeko dagoen joera. Ziurrenik demokrazia ordezkatzailearen krisi sakonaren aurrean alternatibak planteatzeko beharra dagoelako egiten da mitifikazio hori, baina, tira, uste dut hobe dela zintzoak izatea sikiera kontzeju askoren egungo funtzionamendua zuzentze aldera. Bada, inork ezingo du ukatu sarritan bizilagun guztion beharrak kudeatzeko baino batzuek zein besteek euren interes pertsonalak nagusitzeko erabiltzen dutela kontzejua. Normalean interes ekonomikoak daude tartean, herriko lursailen eta mendi publikoen kudeaketarekin zenbaitzuek lortzen dituzten abantailak, ganaduaren esplotazioa, ehiza eta arrantza esparruak, eta abar. Kontzejuaren kontrola lortzeko, hauteskunde garaian jarrera sasimafiosoak erabiltzen dituzte batzuek, eta kontzejuko bileretan bakan batzuen interes partikularrak gainerakoen gainetik jartzen dira, informazioa ezkutatzen da, zenbait bilera ezkutuan egiten dira… Egoera horretan gaude gure herrian, oso muturreko egoeran gainera, sei hilabete baino gehiago igaro baitira Arabako kontzejuetako hauteskundeak izan zirela eta oraindik orain kontzejua osatu gabe dugu. Deskontzejuan bizi gara lehendakaria eta lehendakariordea aurrez aurre dauden bi fakzio ordezkatzen dituztelako, deskontzejuan bakoitzak bere interes partikularrak lehenetsi dituelako, deskontzejuan demokrazia zuzenaren mitoaren atzean ere gizon eta emakumeen miseriak ezkutatzen direlako.

Advertisements

Egilea:

Kazetaria. Journalist.